Koaderno handi batek 80 herri baino gehiago bisitatu ditu uda honetan, herritarren ekarpenak eta herri honen gehiengo politiko, sindikal eta sozialarenak jasotzeko. “Hauxe da Europara igorriko dugun epaia: giza eskubideak, konponbidea, bakea; hau da, 197/2006 doktrina berehala indargabetu dezatela”, Herrira-ko azaldu dutenez. Herritarron Epaiak hainbat ekarpen jaso ditu ekitaldian, besteak beste Martina Anderson, Mark Demesmaeker, Tatjana Zdanoka eta Iñaki Irazabalbeitia europarlamentarioena, mezu bat bidali baitute Bruselatik.
Urtarrilaren 11n Bilbon
Herrira-k urtarrilaren 11n Bilbon “itsasoa” eratu nahi du; horretarako, “gutako bakoitza ur tanta ezinbestekoa izango da”, Gotzon Sanchezek eta Miren Amurizak azaldu dutenez. “Eremu publikoaren okupazioa izango da, inoizko handiena Euskal Herriko historia hurbilean, eta, une jakin batean, denok gora begiratu eta gure tanta zerurantz altxatuko dugu. Eta orduan itsasoa izango gara, giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen aldeko itsasoa”.
Horrez gainera, iragarri dute gaixo dauden presoen askatasunaren aldeko jardunaldiak egingo direla Ipar Euskal Herrian azaroaren azken astean zenbait mobilizaziorekin batera. Era berean, abenduaren 7an, Durangoko kaleetan olatu erraldoia osatzeko deialdia egin dute, Bilboko itsasoaren proba-saio orokorra, alegia. Eta abenduaren 10ean jardunaldi batzuk hasiko dira Iruñean, sakabanaketari eta espetxeetan gertatzen diren giza eskubideen kontrako urraketei buruzkoak.






