Estrasburgotik etorritako epaiaren lehen balorazio positiboa egin dugu
Uste dugu Espainiako Estatuak lehenago edo geroago espetxe politika hau desmuntatzeari ekin beharko ziola. Presoen giza eskubideak nabarmen urratzen dituelako, nazioarteko legeditik kanpo dagoelako eta haren helburu bakarra konponbiderako prozesua oztopatzea delako; eta hori benetako arduragabekeria da, gure irudiko.
Horrenbestez, gaur esan dezakegu salbuespeneko espetxe politikaren pareta pitzatzen hasia dela, eta hori albiste ona dela euskal gizartearentzat, bai eta Espainiako gizartearentzat ere.
Ez gara eroriko, ordea, garaileen eta garaituen betiko jokoan. Gaurko irabazleak giza eskubideak dira, eta hori ona da herritar guztientzat. Epai honek mina arindu eta bidegabekeria zuzenduko du, eta konponbidea eta bakea lortzeko bidean aurrerapausoa egiteko aukera emango digu.
Epai honek agerian utzi du berriz ere Entzutegi Nazionalaren, Auzitegi Gorenaren eta Konstituzio Auzitegiaren jokabidea, frogatzen baitu erakunde horiek bidegabeki itxuraldatu zituztela legeak erabaki politiko bati men egiteko: hainbat presoren askatasuna galaraztea. Aurrerantzean, ordea, Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren epai honi esker, preso horien askatasuna eragoztea edo atzeratzea prebarikazio agerikoa izango da, legez kanpoko zigor bidegabe bat luzatzea dakarrelako.
Amaitzeko, Espainiako Gobernuari eskatu nahi diogu arduraz kudeatu dezala prozesu hau, eta gizartean alarma sor lezakeen eta gatazka, gorroto edo mendekurako pizgarria izan litezkeen muturreko jarrerak albo batera utz ditzala. Alderdi Popularrak iraganeko politikak baztertzeko, giza eskubideak errespetatzeko eta konponbidean eta bakean behingoz inbertitzeko garaia dela uste dugu.







