Tantaz Tanta ekimenaren manifestua ezagutzera eman da, ehundaka lagunen babesarekin. Astran bildutakoek urtarrilaren 11an Bilbon presoen eskubideen alde egingo den itsaso erraldoian parte hartzeko gonbidapena luzatu du. Mobilizazio horren leloa “Giza eskubideak, irtenbidea, bakea. Euskal presoak Euskal Herrira” izango da. Ekitaldia baino lehen, 200 lagunek ekimen honen inguruko lan saio bat burutu dute.
MANIFESTUA:
Hamaika iturritatik sortutako tantak gara, handik eta hemendik datozen isuriak biltzen ditugu. Gaur ordea, desberdinak garenok itsaso batean elkartu behar dugu, itsaso berean, une historiko honek hala eskatzen duelakoan.
Hala eskatzen du ere herri honen gehiengo sozialak, plaza hauetan bizi eta amesten dugunok, gogoan hurrengo hauteskundeak ez, baizik eta etorkizuneko belaunaldiak ditugunok. Geroari begira jarrita gaude hemen, baina, ezer baino lehen, gatazkak utzitako zauriak itxi eta pilatutako sufrimendua arindu beharko dugu. Hortaz, pertsona guztien giza eskubideen errespetua zein presoei, iheslariei eta haien gertukoei ezartzen dizkieten salbuespeneko neurrien amaiera eskatzen dugu. Egiaz sinesten baitugu espetxe politika hau konponbiderako eta bakerako oztopoa dela, eta egoera iraultzeko ezinbestekoa dela gizartearen inplikazioa.
Tanta ezberdinak izanik ere, “Giza eskubideak, irtenbidea, bakea. Euskal Presoak Euskal Herrira” goiburuarekin bat egiten dugu. Eta oinarrizko hiru eskakizunen inguruan sortutako marea gara: sakabanaketaren amaiera, gaixotasun larriak pairatzen dituzten presoen askatasuna eta Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren sententziaren aplikazioa. Eskari hauek biltzen gaituzte, ekimen honetan parte hartzen dugun pertsonek iraganari buruz izan ditzakegun ikuspegi kritikoetatik harago. Gure jarduerak ez baitu ahazten ezta gutxiesten gure jendartearen baitan pertsona gehiegik pairatu behar izan dituzten sufrimendu anitzak.
Tanta moduan batzen gara itsaso honetan, gure iritziz egungo egoera oso larria delako eta kalte baizik ez dakarrelako herritar gehienok irrikaz espero ditugun konponbideari eta bakeari begira. Nazioartean izan diren esperientzia guztiek erakusten dutenez, gatazka bat itxi nahi denean haren ondorioei heldu behar zaie nahitaez, besteak beste, biktima guztiei aitortza eta erreparazioa emanez eta preso eta iheslariak etxeratzeko bidea markatuz.
Aniztasunetik abiatuta, bat gatoz pentsatzean urratsak, mugimendua eta energia positiboa behar direla. Finean, konponbidearen aldeko jarrera proaktiboa eskatzen dugu. Eta adostasun sozial zabal hau, ura bezala, bizitza iturri bihurtu nahi dugu; lurra eta asfaltoa ureztatuko dituen xirimiria; xendak garbitu eta iturburuak elikatuko dituzten euri-jasak; errotak mugiarazi, uhateak zabaldu, ubideak gainezka jarriko dituzten uharrak; oztopoak saihestu eta ibilgu berriak sortuko dituzten ur-oldarrak.
Ziur gaude gizartearen aktibazioak baldintza berriak ekar ditzakeela, frogatuta dago herritarren mobilizazioak bide berriak zabaltzen dituela. Beraz, kontuan hartuko gaituen eta denontzat onuragarria izango den bizikidetzarako proiektu berri baten aldeko ahalegin zintzo eta konprometitu honekin bat egitera gonbidatzen zaitugu.
Tanta bihurtuz, giza eskubideen, konponbidearen eta pakearen aldeko espazio amankomun batera gehitzen gara. Halaxe egitea proposatzen dizugu, gaurtik aurrera, zure herrian edo auzoan, zure esparru sozialean. Eta urtarrilaren 11n gure tanta guztiak batuta hasiko gara gauzak aldatzen.






