BIHAR ARRATSALDEAN MANIFESTAZIOA IZANGO DUGU

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak larunbat honetarako Zarauzko Herrirak Musika Plazan deitua zuen elkartasun ekitaldia debekatu du.

 

Zarauzko Herrirak halare deia luzatzen dio zarauztar orori salbuespen neurrien amaiera eskatu eta preso politikoen eskubideen aldeko lanean jarraitzeko, eta horren harira manifestazioa deitu du larunbatean bertan arratsaldeko   19:30tan Udaletxe plazatik abiatuta.

ZARAUZKO HERRIRAREN IDATZIA

Euskal preso politikoei espresuki ezarritako espetxe politika ankerra deitoratu, eta zehazki bizi osorako espetxe zigorraren derogazioa eskatzeko, Zarauzko Herrirak manifestaldira gonbidatu nahi ditu herritarrak bihar arratsaldean.

Oinarrizko giza eskubideak ukatzen zaizkie euskal preso politikoei, kondenak luzatuz, gaixorik daudenak espetxean mantenduz eta eta sakabanaketa politika erabiliz. Presoez gain, senideengan ere eragin oso kaltegarriak ditu espetxe politika honek.

Konponbideak nahi ditu euskal gizartearen gehiengoak, eta honek zuzenean eragiten dio espetxe politikari ere. Espetxe politika jazarpenerako erabiltzeari utzi eta konponbidearen gakoetan ezartzeko eskatu nahi diegu Herriratik.

Oraingoz horretarako borondaterik ez dute espainiar eta frantziar agintariek. Beraz, herritarrok bultzatu behar ditugu urrats horiek ematera.

Mobilizazioa eta presioa antolatzea beharrezkoa izango da bide horretan. Zarautzen ere bai. Zentzu honetan, bihar burutuko den manifestaziora deitu nahi ditugu herritarrak.

Utzi iruzkina